2012/11/28

IKT-ak HAUR HEZKUNTZAN

BLOGAK HAUR HEZKUNTZAN
   

Blogak “moda” bat baino zerbait gehiago dira. Interneten izan den “iraultzaren” motorra izan dira. Horien bidez, Interneteko erabiltzaileen artean komunikazio bide berria zabaldu da, informazioa eta ezagutza zabaltzeko eta partekatzeko filosofia berria eta, nola ez, irakaskuntzan dihardugunontzat gure ikas prozesuetan eragiteko aukera berria.


Zalantzarik gabe, 2005. urtea blogen iraultzaren urtea izan zen. Blogarien hazkundea izugarria izan da eta 80 milioi blog baino gehiago aurki daitezke orain. Horren ondorioz, blogen inguruan sortu eta garatu diren tresna eta aplikazioen kopurua, blogen garapenarekin batera, etengabe hazten joan da. Blogarien beharra asetzera datozen aplikazio horiek era guztietako eginkizunak betetzen dituzte: bideogintza, argazkigintza, musikagintza, testugintza…
Ikastaroaren lehen zatian, bloga sortuko dugu eta arestian aipatutako baliabideak ezagutuko ditugu. Baliabide horien eta blogen arteko uztarketa praktikara eramanez, blogek duten ahalmenaz jabetu eta irakaskuntzan egin dezaketen ekarpena aztertuko dugu.


Sarean topa daitezkeen blogen izaera anitza izanik, horietako asko helburu didaktikoekin sortu dira. Horiek dira, hain zuzen ere, edublog izenez ezagutzen direnak. Egia esan, ez dira gutxi blogak irakaskuntzan erabiltzeko egon daitezkeen arrazoiak:

1) Erabilerrazak dira.

2) Multimedia dira, alegia, testuak, irudiak, animazioak, ahotsak eta bideoak biltzeko euskarria eskaintzen dute.

3) Ikasleen partaidetza bultzatzen dute: metodologia eraikitzailearen barnean tresna eraginkorrak dira.

4) Gure egunerokoan erabiltzen ditugun beste hainbat baliabideekin konbinatuz, ikasleen konpetentziak lortzeko oso baliagarriak dira.

5) Blogak eta horien inguruan erabil daitezkeen aplikazio guztiak doakoak dira.

Blogaz gain, Web 2.0 berri horretan badira hezkuntzan erabilgarritasun aparta eduki dezaketen beste hainbat tresna. Horietako gehienak lankidetzan oinarritutakoak dira, informazioaren trataera era partekatuan gauzatzeko balio dutenak. Hor daude wikiak, portfolioak edota RSS jarioa oinarri duten aplikazioak, besteak beste. Horiek guztiek, taldeko lanean oinarrituta, ekoizpen mota askotarikoak lantzeko aukera aparta eskaintzen digute. Horrez gain, ikasleen artean ikuspuntu demokratikoagoa zabaltzea ahalbidetzen digute.

Azken hori izango da ikastaroaren bigarren zatian landuko duguna, hau da, zenbait ikasblog eredu aztertu eta eredu bakoitzak eskaintzen dituen aukerak baloratuko ditugu.



TEKNOLOGIA BERRIAK

Hona hemen sarean aurkitutako artikulu bat teknologia berrien inguruan.


Dirudienez, Teknologia Berriak ikastetxeetan sartu egin behar dira. Ia inork ez dauka dudarik. Dena den, gutxienez zalantza sortu behar zaigulako ustean nago: Teknologia Berriak sartu behar al dira ikastetxeetan? Zergatik?

Batzuek diote ikastetxeetako lana sozializatzea dela. Beraz -jarraitzen dute-, Teknologia Berriak gizartean daudenez, ikastetxeek teknologien mundu horretan bizitzeko trebetasuna garatu behar dute. Nire ustez, arrazoiketa hori gezurrezkoa da. Denok dakigu indarkeria ere gizartean dagoela, baina hori ez da nahikoa gure ikasleak jotzeko edo babes teknikak erakusteko. Orduan, zergatik sartu behar dira Teknologia Berriak ikastetxeetan? Arrazoi sinpleago bategatik: Teknologia Berriek hezkuntza arloan aukera interesgarriak eskaintzen dizkigutelako, eskoletara iristeko eta sartzeko denbora luzea behar izan badute ere.

Duela hogei urte ordenagailuek izugarrizko itxaropena sortu zuten hezkuntza esparruan. Ordenagailuak irakasleen ordezkoak izango zirela sinesten zen. Helburu hori lortzeko, konduktistek geletan ezartzeko programa dexente hedatu zituzten, ordenagailua eskoletako elementu garrantzitsuena izango zelako ustean. Baina, denborak sinesmen hori ustela zela frogatu du.

Ondoren, fidagaiztasunaren garaia etorri zen. Ordenagailuak bazter batean utzi ziren, ia ezertarako ez zutela balio argudiatuz. Makina garestiak ziren eta irakasleei ez omen zieten batere laguntzen. Alabaina, azaldutako atsekabea laster aldatu zen, Internet sortu zenean informazio digitalaren garrantzia benetan ulertu baitzen. Alde batetik, testuak formatu digitalean gorde ditzakegu. Zer da informazio digitala? Papera eta informazioa bereiztea. Jadanik ez dugu paperik behar informazioa alde batetik bestera mugitzeko. Lehen liburu bat bidaltzeko paketea postontzian sartu eta iritsi arte itxaron behar genuen; gaur egun, dokumentu bat edozein lekutara bidaltzeko ez dugu denbora gehiegi itxaron behar, segundo pare bat baizik. Posta elektronikoaren edo e-mailaren bidez ia edozein dokumentu bidal dezakegu hartzaileak behingoan jasoko duela jakinez. Informazio digitalaren iraultza ulertzeko, esan daiteke, adibidez, diskete batean 870 orriko testu bat gorde dezakegula eta CD batean ia 600.000 orriko testua.

Bestalde, txat solasguneen bidez ikasleek edozein herrialdetako ikasleei idatz diezaiekete eta beraiengandik erantzuna jaso, aldi berean. Txat solasguneen erabilera oso interesgarria iruditzen zait ingelesa, frantsesa edo beste edozein hizkuntza irakurtzen eta idazten ikasteko. Baina, irakasleentzat ere erakargarria da: urruti dauden irakasleak gela birtual batean elkar daitezke elkarren esperientzietatik ikasteko eta materialak elkarri eskuratzeko.

Interneti esker, eskolako web orrian gurasoei bidalitako oharrak, ikastetxearen Hezkuntza Proiektua, curriculuma, gaien apunteak, etxerako lanak, ezagupenak sakontzeko bibliografia, ordutegiak eta abar jar ditzakegu. Hipertestua ere oso interesgarria izan daiteke gai batzuk irakasteko. Ikertzaileen artean eztabaida gogorra dago hipertestuari buruz, eta seguraski, laster ikusiko dira hezkuntza munduan aplikatzeko ondorio interesgarriak. Dena den, gai horietaz guztietaz hurrengo artikuluetan arituko gara

Ikastetxean Internet izanez gero, NASAk duen web orrian sar gaitezke eta ilargiaren argazkiak jaso, edota ikasleei edozein gairi buruzko informazioa lor dezaten eskatu.

Hedabideek , orokorrean, et ordenagailuak , konkretuki, informazioaren ateak irekitzen dizkigute. Nahi dugun gaiari buruzko informazioa aurki dezakegu Internet sarean. Gure arazo bakarra informazio hori aurkitzea da.

Nire ustez, gela bakoitzean sarean konektatutako ordenagailu bat eduki beharko litzateke. Horrela, gaur egungo hezkuntzaren ikuskera aldatu egin beharko genuke. Jende askok dio ordenagailuaren eginkizuna ikasleak aktibitate mekanikoetan trebatzea dela. Hezkuntzari aplikaturik sortu diren ia programa informatiko guztiak hori egiten dutela dirudi. Ikuskera hori konduktisten antzekoa da. Konduktismoa oso interesgarria iruditzen zait, baina era orokorrean hezkuntzan erabiltzeko, ez hainbeste. Nire ustez, ikasleei irakats diezaiekegun alderdirik garrantzitsuena behar duten informazioa beren kabuz lortzea da. Eta horrekin batera, beste helburu garrantzitsuago bat lor dezakegu: hau da, ikaslearen autonomia sustatzea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario